Argi eta garbi. Txetxu Ausin ikertzaile zientifikoa eta CSICeko Filosofia Institutuko zuzendaria da, eta lana etika publikoan, bioetikan, giza eskubideetan eta teknologia disruptiboen filosofian oinarritzen du. Filosofian doktore ere bada, eta zaintza ondasun publikotzat hartu behar dela dio, zaintza zaindu behar dela eta kolektiboki antolatzeko modua bilatu behar dela. Zaintzak instituzioen, erakundeen eta pertsonen bitartez birbanatzea defendatzen du. Ausinek zaintzen iraunkortasunari buruz eta, zehazki, “Ikuspegi pertsonal eta sozialetik, zaintza etikoa eta iraunkorra bermatzeko” moduari buruz hausnartzeko antolatutako eztabaida-mahaian parte hartuko du.
Txetxu, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?
Filosofiatik zaintza etikaren eta politikaren ardatz nagusi gisa jartzen duen gogoeta partekatu nahi nuke, kontuan izanik giza bizitza pentsaezina dela zaintza-harremanik gabe. Zaintzarik gabe ez legoke antolaketa sozialik, ekonomikorik, kulturalik edota politikorik. Elkarren mendeko pertsonak gara, eta, ondorioz, guk beste batzuk zaintzen ditugu eta gu zaindu egiten gaituzte.
Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?
Ondo baino hobeto dakigu zaintzen krisi baten aurrean gaudela. Bizitza luzatzea eta bizi-itxaropena handitzea lorpen sozial izugarria da, baina horrekin batera, ugalkortasun-tasak behera egin du, familia-eredu berriak sortu dira, emakumea lan-merkatuan sartu da, eta gizonen erantzunkidetasunik eza gertatu da (FMIren arabera, BPGd globala %4 haziko litzateke ordaindu gabeko lana hobeto banatuta egongo balitz).
Horri gehitu behar zaizkio ongizate-estatuaren eta laguntza publikoen murrizketak. Horren guztiaren ondorioz, gero eta desoreka handiagoa sortu da zaintzen premiaren (2050erako, Espainian 80 uretik gorako biztanleria hirukoiztea aurreikusten da) eta horien horniduraren artean. Pertsona gutxik ase ahal izango dituzte beren zaintza-beharrak desberdintasuna eragiten duen merkatuaren bidez (azpienplegua, isolamendua eta bakardadea, gaixotasuna…). Hori dela-eta, zaintza ondasun publikotzat hartu behar da, zaintza zaindu behar da, eta kolektiboki antolatzeko modua bilatu behar da.
Zaintzen aldeko itunak eragina izan beharko luke gizarte-ugalketarako zaintzen zentraltasunean, eta, beraz, zaintzak instituzioen, erakundeen eta pertsonen bidez birbanatzeko premian. Eva Feder Kittayren arabera, “bakoitzari, haren zaintza-beharren arabera, bakoitzak zaintzeko duen bere gaitasunaren arabera, eta gizarte-erakundeen laguntza arreta eta zaintza ematen dutenen eskura jartzeko, baliabideak eta aukerak”.
Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?
Erakundeak, enpresak, hirugarren sektorea eta herritarrak. Ituna erakundeek bultzatu behar badute enpresarekin eta gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan, bereziki gizarte-zerbitzuekin lotuta daudenak, azken batean itun “sozial” bat da, eta konpromiso komunitarioak eskatzen ditu zaintzen krisiak lantzeko eta beste gizarte-lotura berri bat ere bai.
Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko
Gizartean bizitzea, azken batean, elkar zaintzea da. Zaintzak hausnarketaren eta politika publikoen erdigunean jartzea ezinbestekoa da erreprodukzio sozialerako. Zaintzen inguruko itun bat publikoki planteatzea bizitza sozial eta politikoa modu errealistan bideratzea da. Joan Trontok dioen moduan: “Demokrazia nahi dugu, eta horrek esan nahi du guztion artean partekatu behar ditugula, modu berdin eta justuan, zaintzek dituzten penak eta pozak”.