Zainketa-lanak bizitzari eusten dio eta gizarteak egituratzen ditu, baina desberdintasuna ere adierazten eta erreproduzitzen du. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna, baina baita jatorriaren arabera ere, zaintzen dituzten pertsona gehienak emakumeak baitira, eta haietariko asko, migratzaileak.

Desberdintasun hori bizitzan zehar behar diren eta jasotzen diren laguntzen arteko harremanaren ondorio ere bada. Pertsonok mota, intentsitate eta iraupen desberdineko laguntzak behar ditugu. Eta sektore publikoaren erantzukizuna da eskubide gisa aitortutako laguntzetarako sarbide unibertsala bermatzea, pertsona guztiek beren bizi-proiektua autonomiaz garatu ahal izan dezaten.

Euskadiko zainketa-eredua erabat eraldatzen ari da. Zainketa-lanaren ardura familiei eta, azken finean, emakumeei egozten dien eredu batetik gatoz. Eredu “familista” da, tradizionala Mediterraneoko herrialdeetan, baina bidegabea eta berdintasuna bermatzen ez duena.

Horregatik, azken bi hamarkadetan, urrats sendoak eman ditugu zainketen gizarte-antolaketarako eredu baterantz, non erantzukizuna eta lidergoa sektore publikoari baitagozkio. Eta zainketak indartzen ari gara (osasunekoak, hezkuntzakoak, sozialak), prestazio eta zerbitzuen zorroak definituz eta zabalduz, legez eskubide subjektibo gisa aitortzen baita horiek eskuratzea.

Eskubideak aitortzea eta gastu publikoa indartzea da zaintzak desfamiliizatzeko eta desfeminizatzeko funtsezko baliabidea. Gizarte Babeseko Euskal Sistemaren urteko gastu publikoa 10.000 milioitik gorakoa da, eta horietatik 8.000 baino gehiago zerbitzu pertsonalei dagozkie: euskal osasun, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuen sistemak. 10.000, 2022an gehienezko diru-bilketa 17.000koa izan zelarik.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagokionez, 2011 eta 2019 artean, gastu korronte publikoa 832,2 milioi eurotik 1.131,9 milioi eurora igaro zen. Eta hori, kontuan izanik, diru-bilketa 2008tik 2017ra bitartekoa baino txikiagoa izan zela. Aurreikuspenen arabera, 2030ean 1.700 milioi izango dira, eta 2030eko hamarkadan, 2.000.

Zainketa-eredu berria, gero eta publikoagoa izateaz gain, eredu komunitarioa ere bada. Horregatik, komunitatean arreta indartzen ari gara, pertsonek beren etxean bizitzen jarrai dezaten, behar dituzten laguntzekin, normalean nahi duten bezala, eta, aldi berean, egoitza-zentroak eraldatzen dira ikuspegi komunitario batetik. Eredu berri honetan:

      • Senideek pertsona helduak zaintzea aukerakoa izan behar du. Zaintza askea, kritikoa, mugatua, aintzatetsia, bateragarria, erantzunkidea eta babesekin. Kontziliazio-politika funtsezkoa da, eta legegintzaldi honetan handitu egin dira seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eta seme-alabak eta senide helduak zaintzeko bateragarritasun erantzunkiderako laguntzak eta neurriak.
      • Eta hirugarren sektore sozialarekiko eta, hala badagokio, enpresekiko lankidetza, erantzukizun publikoa eta interes orokorra erabat gauzatzera bideratu behar da. Besteak beste, administrazioen ekintza-gaitasuna handitzen lagunduz edo zerbitzu publikoen hornidurari balioa gehituz, pertsonalizazioari, integraltasunari edo arretaren hurbiltasunari, eta hartzaileen prebentzioari edo parte-hartzeari dagokienez, eredu komunitarioaren arabera.

Kongresuak mugarri izan nahi du zaintza-eredu publiko eta komunitario baterako bidean. Halaber, prospekzio-, eztabaida- eta proposamen-gunea izan nahi du, erronkak eta estrategiak identifikatzeko gunea, eta politika publikoen ebaluazioa, berrikuntza eta kalitatea proiektatu eta bultzatzeko gunea, zaintzak hobetzeko, berdintasunean aurrera egiteko eta erronka demografikoari erantzuteko.

Gure zaintza-ereduari buruzko adostasun zabalerantz aurrera egiteko bitarteko bat, berdintasunaren, lidergo publikoaren, lankidetzaren, kalitatearen eta iraunkortasunaren printzipioetatik abiatuta.