Miren, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen balio integralak pertsonen, emakumeen eta gizonen, bizi-ziklo osoan duen garrantzia partekatu nahi nuke, erantzunkidetasun soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra eta eremu horietako bakoitzeko genero-ikuspegia kontuan hartuta.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, egungo gizarteak ez die behar adinako baliorik ematen zaintzei. Izan ere, orain dela gutxi arte, etxeko eta ordaindu gabeko eremura mugatu den lana izan da, emakumeek bakarrik beren gain hartu dutena, kulturalki familia-hornitzaile nagusia gizona izandako garai batean; ondorioz, emakumeek egiten zuten lan hori ez zen jarduera profesionaltzat hartzen. Zaintzak ulertzeko modu hori gaur egun ere mantentzen da, oztopo gisa, nahiz eta gure gizarteak aldaketa esanguratsuak bizi izan dituen eta ez duen zertan iraganeko garaien antzik izan behar.

Gaur egun, zaintzen zati handi bat ikusaraztea lortu da: batetik, emakumeek lan-merkatuan sartzeko eta, ondorioz, eremu publikoan parte hartzeko egin duten apustuagatik; eta, bestetik, zerbitzuen, publiko zein pribatuen, bitartez, hirugarren pertsonek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek eta instituzioek beren gain hartuta. Paradigma-aldaketa horri esker, zaintzak profesionalizatu eta horien zati handi baten balorizazio ekonomikoa egitea lortu da, hori, denbora luzez, ezkutuko ekonomia izenekoaren parte izan baita.

Itunak integrala izan behar du. Era multidimentsionalean ulertu behar da, kudeaketa indibidual eta kolektiboan, biak ere emakumeen eta gizonen erantzunkidetasunetik eta erantzunkidetasun familiar eta komunitariotik, publiko nahiz pribatutik, etab. Nire ustez, gure gizarte aurreratuan oraindik ere mantentzen diren alderdiak gainditu behar dira, tartean, zaintzen feminizazio eta familiarizazio esklusiboa, eta esparru eta eragile desberdinen interkonexio erantzunkiderantz eboluzionatu, pertsonen bizitzan sortzen diren beharren arabera.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Horniduran lau zutabe nagusi daude: Estatua, familiak, merkatuak eta erakunde komunitarioak, eta elkarren artean artikulatzen –eta, batzuetan, konpentsatzen- dira. Shahra Razavik (2007) “zaintzako diamantea” deitu zuena osatzen dute horiek, zaintzaren antolamenduko lau “zutabe” horien arteko interakzioa sinbolizatzen duen figura.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Egun, “zaintza” puri-purian dagoen gaia da. Ez du inor axolagabe uzten, gure bizitza publiko zein pribatuko alderdi bakoitza zeharkatzen baitu. Espazio publikoan egiten dugun jardueraren zati handi bat zaintza pertsonal zein kolektiboaren aldez aurreko kudeaketaren mende dago: norberaren zaintzatik, pertsonaletik, norbanakoarenetik hasi eta “beste batzuen” zaintzara bitarte, hots, gurasoak, seme-alabak, familia, oro har, eta zaintza komunitarioa, lanekoa, soziala, eta abar.

Gaur egun, zaintzaren zentraltasunak aldaketa- eta eraldaketa-garaia iragartzen du gure gizartean. Aldaketa horretan eragin handiena duen faktoreetako bat pertsonei zaintzaren erantzunkidetasuna eskatzen diena da, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionean. Halaber, garrantzitsua da faktore ekonomikoa, familia-eremuan ordaindu gabeko lan gisa ulertu eta kudeatu izan diren zaintzen zati bat kanpora ateratzeari loturikoa.