Concepción, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Deialdia egin zidatenean, transferentzien kontu nazionalen emaitzez eta zaintzen egitekoaz hitz egiteko eskatu zidaten (mendekotasuna duten adinekoei eta helduei nahiz lehen haurtzaroari dagokienean). Gai hori jorratuko dut, eta zaintza formalak eta informalak kuantifikatzeko eta ikusgarriago egiteko garatzen ari garen lan batez ere hitz egingo dut.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Galdera oso zabala da. Egiten ari naizen ikerketan, zaintza formalaren eta informalaren balioa ebaluatzen dut ongizate-estatu osoan, honako hauek balioesteko asmoarekin:

    • ongizate-estatuak bizi-zikloan zehar duen inpaktua.
    • politika publikoen, merkatuaren eta familiaren interakzioa ongizatearen horniduran.

Nire ustez, balorazio hori funtsezkoa da ongizate-estatua diseinatzeko, politika publikoaren eta ongizatea ematen duten baliabideak esleitzeko beste mekanismo batzuen artean (merkatua eta gizarte zibila, familia barne) oreka handiagoa izan dadin. Ez da kontu erraza, baizik eta eztabaidagarria, baina balorazio hori lehen urratsa da.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Ongizate-estatuaren politikak diseinatzen eta gauzatzen dituzten eragileak, enpresariak, sindikatuak, gizarte zibileko plataforma garrantzitsuak eta abar.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Zaintzak oinarrizkoak dira edozein gizakirentzat. Gure bizitzaren heren bat, gutxienez, mendekotasun-egoeran igarotzen dugu (haurrak garela, ziur, eta adinekoak garenean probabilitate handiarekin). Herritar guztien ongizateari eragiten dion zerbait da, bereziki, ahulenei, eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du.