Javier Castro-Spila gizarte-politika eta berrikuntzako ikertzaile aditua da, eta lan hori GIZALABetik, Gizarte Politiketako Berrikuntza Zentrotik, egiten du. Javierrek Zaintzei buruzko Kongresua dela-eta, artikulu hau idatzi du, eta, bertan, gizarte-berrikuntzaren eskalatzearekin loturiko gako batzuk aztertzen ditu, hots, modu eraginkor eta iraunkorragoan berritzeko modu bat, kontzeptua, praktikan burutzeko, adibide batekin ilustratzearekin batera.
Trantsizioko gizarte-politikak estrategia, programa eta ekintza gisa definitzen dira, eta horien helburua da arreta- eta zaintza-ereduan goranzko aldaketa eta aldaketa progresiboa lortzea. Politika horiek funtsezko bost dimentsio jorratzen dituzte:
- Etorkizunekoak: etorkizuna epe luzera diseinatzera bideratzen dira, behatokiak bezalako tresnak erabiliz, joerak aztertzeko eta eszenatokiak sortzeko.
- Gobernantza: erabakiak hartzerakoan lankidetza eta parte-hartzea sustatzen dute, erabiltzaileak, familiak eta profesionalak tartean inplikatuz, elkarrizketa zibileko mahaien, think tank-en eta parte hartzeko espazioen bidez.
- Esperimentazioa: ideia berriak egoera erreal eta kontrolatuetan probatzea bultzatzen dute, zaintzen ereduaren aldaketan duten eragina ulertzeko; horretarako, inkubagailuak eta laborategiak bezalako tresnak erabiltzen dituzte.
- Ebaluazioa: etengabeko monitorizazioan eta ebaluazioan oinarritzen dira, kostua eta onuraren analisia, bizi-kalitatean duen inpaktua eta arreta-eredu ekitatiboago eta komunitarioagoetarako egindako aurrerapena kontuan hartuz. Hori trantsizio-monitoreak eta zaintzak ebaluatzeko batzordeak eta agentziak bezalako tresnen bitartez lortzen da.
- Eskalatzea: berrikuntza arrakastatsuak hedatzea eta erakunde eta instituzioen artean transferitzea sustatzen dute. Helburua da berrikuntza eraginkorrak estandarizatzea eta zabaltzea, eskalatzeko azeleragailuak eta hub-ak erabiliz.
Bost dimentsioak etengabeko berrikuntza-ingurunean garatzen dira. Berrikuntza da arreta- eta zaintza-ereduan aldaketa progresiboak eragingo dituzten irtenbide berriak sortzea eta aplikatzea. Irtenbide horiek kolaboratiboak, parte-hartzaileak, arduratsuak eta iraunkorrak dira. Trantsizioen agenda batek gidatuta, zaintzen ereduaren berrikuntzak etorkizun hobea bilatzen du, eta, era horretan, zaintza ekitatiboak, pertsonalizatuak, integratuak, prebentiboak, komunitarioak, iraunkorrak eta etxean zentratuak sustatzen ditu.
Berrikuntzen eskalatze-kontzeptuak ideia berrien inpaktua zabaltzeko hainbat modu biltzen ditu; esate baterako,
- Estaldura. Berrikuntza baten onuradun diren pertsonen kopurua gehitzea esan nahi du, erakunde edo instituzio batek garatutako produktua, zerbitzua edo metodoa izan.
- Transferentzia. Erakunde edo kokapen geografiko ezberdinetara berrikuntzak eramatea da. Hori gertatzen da erakunde batek beste batek sortutako berrikuntza hartzean edo egokitzean.
- Politikak. Eskalatzeak erakunde publikoetan berrikuntza eraginkorrak integratzea esan nahi du. Hori dela-eta, aldaketak egin behar dira egitura instituzionaletan, araudietan eta politiketan, zaintza-ereduan mailaz mailako eraldaketak bultzatzeko.
Zaintzen testuinguruan, eskalatzea estrategia boteretsua da, berrikuntzek epe luzerako arretan eta zaintzan eragin esanguratsua izatea bermatzearren.
Zaintza HerriLab: Zaintzen Eredu berria bultzatzen
2022an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren arteko akordio estrategikoari esker, Zaintza HerriLab Eskalatze Hub-a sortu zen. Hub horren zeregina da osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak koordinatzea, etxean adineko ahulei eta mendekoei (65 urtetik gorakoak) zuzendutako arreta-eredu berritzailea sustatzeko. Lau jarduera nagusi ditu:
- Monitorizazioa. Zaintzako eta tokiko 12 ekosistematan proiektuen jarraipena egiteaz arduratzen da, eta, horrela, eraginkortasuna, gobernantza, berrikuntza eta inpaktua ebaluatzen ditu. Gainera, Monitorizazio-gida bat sortzen da.
- Sistematizazioa. Zaintzako berrikuntzak dokumentatzen eta estandarizatzen ditu, alderdi sozialak, teknologikoak, instituzionalak eta kulturalak barne. Halaber, Tresnen Bankua sortzen da Zaintzen Berrikuntzarako.
- Ebaluazioa. Ebaluazio pilotuak egiten ditu gobernantzaren, berrikuntzaren eta erabiltzaileen bizi-kalitatearen inpaktua neurtzeko. Esperientzia pilotu bat abian da Pasaia HerriLab-en. Ebaluazio-gida bat ere sortzen da.
- Eskalatzea. Ikaskuntza eta Transferentzia Sare bat bultzatzen du, eta topaketak, jardunaldi teknikoak eta etorkizuneko transferentzia-mintegiak antolatzen ditu horrek. Lurralde-mailako Ikaskuntza eta Transferentzia Sarea ezarri nahi da.
Zaintza HerriLab Eskalatze Hub-aren jarduera horiek funtsezkoak dira etxeetan adinekoen arretaren eta zaintzaren arloan praktika berritzaileak sustatzeko eta zabaltzeko.
Laburbilduz, berrikuntzen eskalatzea estrategia eraginkorra da trantsizio-politiketan. Ahaleginak eta baliabideak bikoiztea saihesten du frogatutako berrikuntzak transferitzean eta errepikatzean, hainbat lekutan antzeko ekimenak finantzatu ordez. Eskalatzea, berrikuntza frogatuak eta sistematizatuak zabaltzean, tresna boteretsua da zaintza-eredua etorkizun oparoago batera eramateko. Eskalatzea, funtsean, modu eraginkor eta iraunkorragoan berritzeko modu bat da.