Eusko Jaurlaritzak Zainketei buruzko Kongresuaren lehen edizioa egingo du azaroaren 15ean eta 16an, zainketen gizarte-antolaketarako eredu publiko batean oinarritutako euskal itun baterantz aurrera egiteko, pertsonalizatua eta komunitarioa, egungo eta etorkizuneko gizartearen erronkei aurre egiteko. Kongresua Donostiako Tabakalera gunean garatuko da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera emango dio, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera.
Euskadik bi hamarkada daramatza urrats sendoz zainketen gizarte-antolaketarako eredurantz, non erantzukizuna eta lidergoa sektore publikoari baitagokio. Denbora horretan, osasun-, hezkuntza- edo gizarte-zainketak indartu dira, eta prestazio- eta zerbitzu-zorroak zehaztu eta zabaldu dira. Horien guztien ezaugarria izan da berdintasunean, lidergo publikoan, lankidetzan, kalitatean eta jasangarritasunean oinarritutako komunitate-zainketen ereduranzko trantsizioa.
Ibilbide horretan lortutako esperientziari eta aurrerapenei dagokienez, iritsi da euskal itun baterantz aurrera egiteko unea. Itun horrek arreta komunitarioa sistema tradizionalen alternatiba gisa definitzen du, eta sistema horiek zainketa-lanaren erantzukizuna familiei egozten diete, batez ere emakumeei, baina hori bidegabea da, pertsonen arteko desberdintasunean sakontzen baitu.
Zainketei buruzko I. Biltzarrak gogoetarako espazioak eskainiko ditu, hitzaldien eta eztabaida-mahaien formatuan, zainketen arloan gaur egungo eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko, politika publikoak ebaluatzeko, zaintza hobetzeko eta erronka demografikoari erantzuteko estrategiak diseinatzeko, eta zainketen euskal ereduaren inguruan adostasun zabala lortzeko.
Lehen jardunaldia. Azaroaren 15a, asteazkena
Flaviana Teodosiuk, Europako Batzordeko iraupen luzeko zainketa-taldearen arduradunak, Kongresua irekiko du asteazkenean, azaroaren 15ean, Zainketen Europako estrategia izeneko inaugurazio-txostenarekin. Bestalde, José Luis Fernández (London School of Economics eskolako irakasle elkartua eta Care Policy and Evaluation Centre zentroko zuzendaria) izango da Europan iraupen luzeko zainketen erronkei buruzko ponentziaren hizlaria. Bi ponentzia horiek bi saio-multzo aldi berean proposatzen dituen lehen jardunaldiari ematen diote garrantzia.
Lehenengo multzoak hiru saio ditu zainketa-politikei, trantsizio demografikoari eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpenari ekiteko. Bigarren multzoan, ikaskuntzak eta praktika onak partekatuko dira, bi ikuspegitatik: komunitateko zaintza eta egoitzako zaintza. Parte-hartzaileek multzo bakoitzean modu paraleloan garatuko diren proposamenetako bat aukeratu beharko dute.
Lehenengo eta bigarren blokeen artean eztabaida-mahai bat irekiko da, zainketa-eredu pertsonalizatuago eta komunitario baterantz nola egin hausnartzeko.
Bigarren jardunaldia. Azaroaren 16a, osteguna
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak emango dio hasiera Biltzarraren bigarren jardunaldiari, Zainketa eskubideekin, askatasunean eta berdintasunean zaindu. Zainketei buruz Euskadin akordioa lortzeko oinarriak ponentziarekin.
Zaintzaileen, familiakoen, profesionalen eta zaindutako pertsonen ahotsa entzungo dugu, zainketen gaia ikuspuntu desberdinetatik jorratuko baitute. Ondoren, bi saio-bloke berri irekitzen dira aldi berean. Aurreko lanaldian bezala, bertaratuek multzo bakoitzean modu paraleloan garatuko diren saioetako bat aukeratu beharko dute.
Lehenengo multzoak bi saio ditu, desberdintasunetan sakontzen duen eredu tradizional baten gakoak jorratzeko: nola desfamiliartu eta desfeminizatu zainketa-lana? Nola bermatu kalitatea eta nola sustatu ebaluazioa eta berrikuntza? Bigarren multzoak bi saio proposatzen ditu zainketen iraunkortasunari buruz galdetzeko: nola bermatu zainketa etiko eta jasangarria ikuspuntu pertsonal eta sozialetik? Nola bermatu zainketa eskuragarriak eta ekonomikoki jasangarriak? Ondorioen mahai baten ondoren, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuordeak emango dio amaiera zainketei buruzko I. Biltzarrari.
Kongresura joateko plazak mugatuak dira eta izena ematea doakoa da. Interesdunek www.congresocuidados.eus.web orriaren bidez eman behar dute izena.
Informazio guztia web horren bidez eta #ZainketaKongresua etiketa duten sare sozialetan zabalduko da.
NBE Emakumeak Eusko Jaurlaritza zainketen aldeko aliantza globalean sartzea onartu egin du
Eusko Jaurlaritza “Zainketen aldeko aliantza globala: ekintzarako premiazko deia” ekimeneko kide berri gisa onartu du NBE Emakumeak erakundeak. Nazioarteko lankidetza-ekimen honek gobernuak, gizarte zibileko erakundeak, enpresak eta beste eragile batzuk biltzen ditu, eta zainketen lana aitortu, baloratu eta babestu nahi du, gizonek eta emakumeek beste pertsona batzuk zaintzeko erantzukizuna partekatzen dutela ziurtatuz.
NBE Emakumeak nazioarteko komunitatean bultzatutako euskal integrazioa, Zaintzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat dator igande honetan, urriak 29.