Amaia, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen garrantzia. Erronka hori administrazioarentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere bada. Eta Bizkaiko Foru Aldundiak ildo horretan dituen proiektuak.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Beharrezkoa da zaintzen lana onartzea. Duela gutxi arte, familia-eremuko lan ikusezina zen, eta horren pisua emakumeek izaten zuten. Eta horrela izaten jarraitzen du askotan, etxean eta etxetik kanpo lan egiteak duen zama bikoitzarekin eta, besteak beste, maila emozionalean dituzten ondorioekin.

Garrantzitsua da emakumeek arlo horretan egiten duten ekarpenaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, batez ere, gure ama eta amonen ekarpena. Haien ekarpenari esker, gauden tokian gaude, eta daukagun ongizate-mailaz goza dezakegu. Onarpen hori garrantzitsua da. Hortik aurrera, zaintzak ikuspegi komunitario batetik bideratu behar dira, baina baita administrazioen artean batera eta zeharka ere, kasu horretan ikuspegi sozial eta sanitariotik, batik bat. Aldi berean, Hirugarren Sektoreko erakundeen esperientzia eta ezagutza izan behar ditugu nahitaez.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Administrazio Publikoa, Hirugarren Sektorea eta gizartea, oro har.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Gai nahiko garrantzitsua iruditzen zait bertan parte hartzeko eta beste administrazio batzuekin eta inplikatutako eragileekin esperientziak eta proiektuak partekatzeko.