Miren Elgarresta: “Zaintzen aldeko itunak integrala izan behar du, eta modu multidimentsionalean ulertu behar da”

EMAKUNDE, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari nagusia den Miren Elgarrestaren ikuspegia da. Mirenek zaintzen balio integrala azpimarratu nahi du pertsonen, emakumeen eta gizonen, bizi-ziklo osoan, kontuan izanik erantzunkidetasun soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra eta eremu horietako bakoitzeko genero-ikuspegia. Zaintzei buruzko Kongresuan parte hartuko du, “Zaintza-lana desfamilizatzeko eta desfeminizatzeko” eztabaida-mahaian.

Miren, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen balio integralak pertsonen, emakumeen eta gizonen, bizi-ziklo osoan duen garrantzia partekatu nahi nuke, erantzunkidetasun soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra eta eremu horietako bakoitzeko genero-ikuspegia kontuan hartuta.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, egungo gizarteak ez die behar adinako baliorik ematen zaintzei. Izan ere, orain dela gutxi arte, etxeko eta ordaindu gabeko eremura mugatu den lana izan da, emakumeek bakarrik beren gain hartu dutena, kulturalki familia-hornitzaile nagusia gizona izandako garai batean; ondorioz, emakumeek egiten zuten lan hori ez zen jarduera profesionaltzat hartzen. Zaintzak ulertzeko modu hori gaur egun ere mantentzen da, oztopo gisa, nahiz eta gure gizarteak aldaketa esanguratsuak bizi izan dituen eta ez duen zertan iraganeko garaien antzik izan behar.

Gaur egun, zaintzen zati handi bat ikusaraztea lortu da: batetik, emakumeek lan-merkatuan sartzeko eta, ondorioz, eremu publikoan parte hartzeko egin duten apustuagatik; eta, bestetik, zerbitzuen, publiko zein pribatuen, bitartez, hirugarren pertsonek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek eta instituzioek beren gain hartuta. Paradigma-aldaketa horri esker, zaintzak profesionalizatu eta horien zati handi baten balorizazio ekonomikoa egitea lortu da, hori, denbora luzez, ezkutuko ekonomia izenekoaren parte izan baita.

Itunak integrala izan behar du. Era multidimentsionalean ulertu behar da, kudeaketa indibidual eta kolektiboan, biak ere emakumeen eta gizonen erantzunkidetasunetik eta erantzunkidetasun familiar eta komunitariotik, publiko nahiz pribatutik, etab. Nire ustez, gure gizarte aurreratuan oraindik ere mantentzen diren alderdiak gainditu behar dira, tartean, zaintzen feminizazio eta familiarizazio esklusiboa, eta esparru eta eragile desberdinen interkonexio erantzunkiderantz eboluzionatu, pertsonen bizitzan sortzen diren beharren arabera.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Horniduran lau zutabe nagusi daude: Estatua, familiak, merkatuak eta erakunde komunitarioak, eta elkarren artean artikulatzen –eta, batzuetan, konpentsatzen- dira. Shahra Razavik (2007) “zaintzako diamantea” deitu zuena osatzen dute horiek, zaintzaren antolamenduko lau “zutabe” horien arteko interakzioa sinbolizatzen duen figura.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Egun, “zaintza” puri-purian dagoen gaia da. Ez du inor axolagabe uzten, gure bizitza publiko zein pribatuko alderdi bakoitza zeharkatzen baitu. Espazio publikoan egiten dugun jardueraren zati handi bat zaintza pertsonal zein kolektiboaren aldez aurreko kudeaketaren mende dago: norberaren zaintzatik, pertsonaletik, norbanakoarenetik hasi eta “beste batzuen” zaintzara bitarte, hots, gurasoak, seme-alabak, familia, oro har, eta zaintza komunitarioa, lanekoa, soziala, eta abar.

Gaur egun, zaintzaren zentraltasunak aldaketa- eta eraldaketa-garaia iragartzen du gure gizartean. Aldaketa horretan eragin handiena duen faktoreetako bat pertsonei zaintzaren erantzunkidetasuna eskatzen diena da, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionean. Halaber, garrantzitsua da faktore ekonomikoa, familia-eremuan ordaindu gabeko lan gisa ulertu eta kudeatu izan diren zaintzen zati bat kanpora ateratzeari loturikoa.

Concepción Patxot: “Zaintzak pertsona guztiei eragiten die eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du”

Horrela baieztatu du Concepció Patxotek, Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Departamentuko irakasle titularrak, Bartzelonako Analisi Ekonomikoaren taldeko kideak eta Economia i Polítiques Públiques-eko Xarxa de Referènciako zuzendariak. Concepcion ongizate-estatuak bizi-zikloan eta politika publikoen, merkatuen eta familiaren arteko interakzioak ongizate-horniduran duen eragina ikertzen ari da. Donostian bere ezagutza eta esperientzia partekatuko ditu eztabaida-mahai honetan: “Zaintza eskuragarriak eta ekonomikoki iraunkorrak direnak ziurtatzea”.

Concepción, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Deialdia egin zidatenean, transferentzien kontu nazionalen emaitzez eta zaintzen egitekoaz hitz egiteko eskatu zidaten (mendekotasuna duten adinekoei eta helduei nahiz lehen haurtzaroari dagokienean). Gai hori jorratuko dut, eta zaintza formalak eta informalak kuantifikatzeko eta ikusgarriago egiteko garatzen ari garen lan batez ere hitz egingo dut.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Galdera oso zabala da. Egiten ari naizen ikerketan, zaintza formalaren eta informalaren balioa ebaluatzen dut ongizate-estatu osoan, honako hauek balioesteko asmoarekin:

    • ongizate-estatuak bizi-zikloan zehar duen inpaktua.
    • politika publikoen, merkatuaren eta familiaren interakzioa ongizatearen horniduran.

Nire ustez, balorazio hori funtsezkoa da ongizate-estatua diseinatzeko, politika publikoaren eta ongizatea ematen duten baliabideak esleitzeko beste mekanismo batzuen artean (merkatua eta gizarte zibila, familia barne) oreka handiagoa izan dadin. Ez da kontu erraza, baizik eta eztabaidagarria, baina balorazio hori lehen urratsa da.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Ongizate-estatuaren politikak diseinatzen eta gauzatzen dituzten eragileak, enpresariak, sindikatuak, gizarte zibileko plataforma garrantzitsuak eta abar.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Zaintzak oinarrizkoak dira edozein gizakirentzat. Gure bizitzaren heren bat, gutxienez, mendekotasun-egoeran igarotzen dugu (haurrak garela, ziur, eta adinekoak garenean probabilitate handiarekin). Herritar guztien ongizateari eragiten dion zerbait da, bereziki, ahulenei, eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du.

Dolores Puga

CSICeko zientzialari titularra eta Zahartzeari buruzko Ikerketa Taldeko kidea

Bere ikerketa-ildoak zahartzaroko bizi- eta osasun-baldintzetan eta iraupen luzeko zainketetan zentratzen dira. Bere ikerketak hainbat sari jaso ditu (Rogeli Duocastella, Investigación Social Caja Madrid, Madrilgo Erkidegoko Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Pañella Casas de la SEGG). Nazio Batuen Demografia Zentro Latinoamerikarrerako aholkularia da. Espainiako Bilakaera Demografikoari buruzko Senatuko Batzordean edo Conference of European Regional Legislative Assemblies erakundeko Depopulation and Ageing lantaldean parte hartu du. Estatuko Ikerketa Agentziaren I+G+b Estatuko Planaren (2012-2017) Gizarte Zientzien kudeatzailea izan da, eta CSIC Fundazio Orokorraren Adituen Batzordea koordinatzen du zahartzeari buruzko ikerketa-arlorako.

Aitor Ipiña

EAPN Euskadiko presidentea

Aitor Ipiña Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean.

Bere ibilbide profesionala banku-aholkularitzaren sektorean hasi zuen, eta, ondoren, hainbat industria-enpresatan eta nazioarteko taldetan zuzendaritza-postuak bete zituen.

Gaztetatik boluntariotzaren bidez hainbat erakunderekin, hala nola Caritasekin, lotuta egon den arren, 2013an profesionalki Gizarte Sektorean sartu zen, zehazki garapenerako lankidetzako Alboan Fundazioan. 2014tik Bizitegi Elkarteko kudeatzailea da, bazterketarik gabeko gizarte baten alde.

EAPNren Zuzendaritza Batzordeko kide izan da 2014tik, eta 2022tik sarearen buru da.

Miren Irune Muguruza

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Familia eta Haurren Zuzendaritzako zuzendaria

Prestakuntza
– Kudeaketako informatika.
– Administrazio-kudeaketako espezializazioa.
– Zuzenbideko ikasketak UNEDen.

Karrera profesionala
– Toki administrazioko funtzionarioa 1992-2018 urteaz geroztik. Administrazio-kudeaketa.
– Kabineteko aholkularia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean (2018-2019).
– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria (2019-2020).
– Aguraingo Udaleko zinegotzia (2019-2023)

Beste kargu eta jarduera batzuk
– Arabako Alderdi Nazionalistako Gizarte Ekintza eta Berdintasun arduraduna (2012-2019)
– Arabako Batzar Nagusietako prokuradorea (2015-2018). Gizarte Ongizateko Batzordeko bozeramailea eta Toki Erakundeen Finantzaketari buruzko Ponentziaren koordinatzailea.
– Arabako Foru Mutualitateko, Elkarkidetzako, Gobernu Batzordeko hainbat organotako kidea.
– Aguraingo Lope de Larrea Ikastolako gizarte arloko elkarteetako lehendakaria hainbat ekitalditan.
– Arlo sozialean dudan kezka dela eta, ikastaro eta jardunaldi ugari egin ditut pertsonen eskubide sozialei, haurren eskubideei, kultura-nortasunari, gatazken kudeaketari, negoziazioari eta bitartekotzari buruz.
– Kongresu eta jardunaldi ugaritan parte hartu dut hizlari gisa (Andaluziako Arartekoak haurren eskubideei buruz antolatutako jardunaldia, Euskalit kudeaketa aurreratuari buruzko kongresuak, Zuzendaritzaren Garapenerako Elkarteak antolatutako jardunaldiak, Kontziliaziorako Bideak Irekiz kongresua, Genero Indarkeriaren aurkako Psikologiari buruzko XIV. Jardunaldi Nazionalak, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak, eta abar).

Marta Segura: “Zaintzaren aldeko itun batek sistemaren iraunkortasuna bermatzeaz gain, lurralde-mailako ekitate-ezak saihesten ditu”


Marta Segurak berretsi du hori, ziur baitago zaintzen arloan aurrera egin behar dugula, jardunbide egokiak partekatzeko eta horietatik ikasteko espazioak bilatuz.
Kataluniako Generalitateko Eskubide Sozialen Departamentuko Autonomia Pertsonal eta Desgaitasuneko zuzendari nagusia da Marta, eta Euskadiko, Europako eta mundu-mailako zaintza-politiketan oinarrituko den eztabaida-mahaian parte hartuko du.

Marta, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzei buruzko Kongresu honetan egingo dudan ekarpena “Euskadiko, Europako eta mundu-mailako zaintza-politikak. Agenda global baten alde” gaian kokatzen da. Hortik abiatuta, desinstituzionalizazioa, lurralde-ekitatearen bilaketa edo zaintzaileen aukera-kostuen murrizketa bezalako gaiei buruzko gogoeta egin nahi nuke, beste gai batzuen artean.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, beharrezkoa da zaintzen aldeko itun bat izatea sistemaren iraunkortasuna bermatu ahal izateko nahiz lurralde-mailako ekitate-ezak saihesteko.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Administrazioak (zentrala, autonomikoa, tokikoa), zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, sindikatuak, elkargo profesionalak, erabiltzaileen elkarteak eta senitartekoak.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Lehenik eta behin, zaintzen arloan aurrera egin behar delako eta, horretarako, jardunbide egokiak partekatu eta horietatik ikasi behar dugulako. Horixe egingo dugu Kongresuan.

Ana Izquierdo

Amurrioko Udaleko Herritarren Partaidetzarako eta Komunitate Garapenerako teknikaria

Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da eta Partaidetza eta Garapen Komunitarioko Masterra eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterra ditu: Berdintasun Eragileak. Gaur egun, Amurrioko Udaleko herritarren partaidetzako eta garapen komunitarioko teknikaria da, eta zainketen arloko hainbat proiektu eta zerbitzuren arduraduna. Nabarmentzekoa da Amurrioko Udalaren plan, programa eta kontratuetan zainketen ikuspegia txertatzeko berrikuntza-proiektua.

Xanti Moriones

Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuko Plangintza Ataleko burua

2019tik gaur arte, Zainketa eta Gizarte Politiketako Saileko Plangintza Ataleko burua, helburuak, jomugak eta prozesuaren eta emaitzen adierazleak lantzearekin eta horien jarraipena egitearekin lotutako eginkizunak dituena, bai eta sailaren estatistikak eta memoria ere.

Funtzio nagusi horretaz gain, gizarte-berrikuntzaren eta kudeaketa aurreratuaren arduraduna naiz, eta gizarte-berrikuntzarako laguntzak eta kudeaketa-plana hobetzeko ekintzak kudeatzen ditut.

2012tik 2019ra, Administrazioa Eraberritzeko Goi Mailako Teknikari gisa aritu naiz Gobernantza Saileko egungo Administrazioa Eraldatzeko Zerbitzuan. Besteak beste, aholkularitza- eta auditoretza-funtzioak egin nituen 2000ko ISO 14001 kalitatea kudeatzeko sistemetan, EFQMn, zerbitzu-kartetan, prozesu elektrikoetan. Horrez gain, informazioaren segurtasuneko lantaldea koordinatu eta SENera (Segurtasun Eskema Nazionala) egokitu nuen.

Euskaliten (Kalitaterako Euskal Fundazioa) EFQM ereduko ebaluatzaileen klubeko ebaluatzaile seniorra 2004. urtetik. Nire erakundeko 3 barne-autoebaluaziotan parte hartu dut, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko eta pribatuko erakundeen 7 kanpo-ebaluaziotan, bai eta Bikaintasunarekiko Konpromisoaren Diplomarako bi kontrastetan ere.

Ebaluatzailea 2014tik Espainiako Ebaluazio eta Kalitate Agentzian, estatuko hainbat erakunde publikotako ebaluatzaile gisa parte hartuz: GSIN, Zerga Agentziak, Administrazio Publikoaren Institutua

Qepea (Erakunde Publikoak, Bikaintasunaren alde) erakundeko kidea da 2006. urteaz geroztik, eta Qepearen bi urteko kongresua antolatzen lagundu du.

Innobasqueren Quality Innovation Award sarien ebaluatzailea 2018an, 2022an eta 2023an. EHUren Kirolaren Kudeaketa Masterreko arduraduna, 2019-2020 aldirako kalitatearen kudeaketari laguntzeko sistemei buruzkoa.

Joan Costa: “Zaintza-sistema eraginkorrik ez dagoen bitartean, gainerako gizarte-zerbitzuak ere ez dira eraginkorrak izango.”


Argi eta garbi azaldu du Joan Costak, eta uste du zaintzen aldeko ituna dela zaintzaileen nahiz zaintzak jasotzen dituztenen ongizatea babesteko bidea. Jatorri katalaneko ekonomialari britainiar hau Osasunaren Ekonomiako irakaslea da Londresko Ekonomia eta Zientzia Politikoen Eskolan, eta bertatik zuzentzen du Osasun eta Zahartze Pizgarrien Laborategia. Lanean, Joanek osasunaren jatorria eta ondorio ekonomikoak eta desabantaila ekonomikoak aztertzen ditu, bereziki zahartzaroan. Zaintzei buruzko Kongresuan parte hartuko du, telematikoki, “Zaintza eskuragarriak eta ekonomikoki iraunkorrak ziurtatzeari” buruzko eztabaida-mahaian.

Joan, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen iraunkortasunaren esparruan, zaintzak finantzatzeari buruzko ideiak partekatu nahi nituzke, ekonomikoki iraunkorrak izan daitezen.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire iritziz, zaintza-sistema eraginkorrik ez dagoen bitartean, gainerako gizarte-zerbitzuak ere ez dira eraginkorrak izango. Gainera, zaintzaileen nahiz zainduak diren pertsonen ongizatea arriskuan jartzen du.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Estatuak, gizarte zibilak, zerbitzuen hornitzaileek, aseguru-etxeek, eta abarrek.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Nik parte hartzen dudan esparrutik, oso espazio interesgarria da zaintzak “nola” eta “zergatik” finantzatzen ditugunaren inguruko ideia baliagarriak emateko.

Ana Belén Otero

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.

Prestakuntza akademikoa
– Gizarte Lanean graduatua EHUn 2018an
– Irabazi-asmorik gabeko erakundeak kudeatzeko masterra. Servicios Normativos Formación SL, 2013/2014 urteak
– Osasun Mental Komunitarioko aditu profesionala. UNED. 2009
– Gizarte Lanean diplomatua, Gasteizko Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolan (91-94 ikasturtea).

Lan-esperientzia
– Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria. 2019tik gaur egunera.
– Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteko (ASAFES) gerentea. 2007-2019
– ASAFESeko osasun mentalaren arloko gizarte-langilea. 2001-2007. ASAFES
– Vitoria-Gasteizko udalerrian 65 urtetik gorako pertsonei buruz ikertzen ari den gizarte-langilea, udalerri horretako Udalarentzat. 1998ko iraila eta urria, 2000ko urtarrila eta otsaila.
– Aisialdiko zuzendaria ALEA gazte elkartean. Urtarrila – Maiatza 95.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. “Onartzen dut” botoia sakatuz gero, aipatutako cookie-ak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu “Irakurri gehiago” lotura, informazio gehiago lortzeko.