Miren Elgarresta: “Zaintzen aldeko itunak integrala izan behar du, eta modu multidimentsionalean ulertu behar da”

EMAKUNDE, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari nagusia den Miren Elgarrestaren ikuspegia da. Mirenek zaintzen balio integrala azpimarratu nahi du pertsonen, emakumeen eta gizonen, bizi-ziklo osoan, kontuan izanik erantzunkidetasun soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra eta eremu horietako bakoitzeko genero-ikuspegia. Zaintzei buruzko Kongresuan parte hartuko du, “Zaintza-lana desfamilizatzeko eta desfeminizatzeko” eztabaida-mahaian.

Miren, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen balio integralak pertsonen, emakumeen eta gizonen, bizi-ziklo osoan duen garrantzia partekatu nahi nuke, erantzunkidetasun soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra eta eremu horietako bakoitzeko genero-ikuspegia kontuan hartuta.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, egungo gizarteak ez die behar adinako baliorik ematen zaintzei. Izan ere, orain dela gutxi arte, etxeko eta ordaindu gabeko eremura mugatu den lana izan da, emakumeek bakarrik beren gain hartu dutena, kulturalki familia-hornitzaile nagusia gizona izandako garai batean; ondorioz, emakumeek egiten zuten lan hori ez zen jarduera profesionaltzat hartzen. Zaintzak ulertzeko modu hori gaur egun ere mantentzen da, oztopo gisa, nahiz eta gure gizarteak aldaketa esanguratsuak bizi izan dituen eta ez duen zertan iraganeko garaien antzik izan behar.

Gaur egun, zaintzen zati handi bat ikusaraztea lortu da: batetik, emakumeek lan-merkatuan sartzeko eta, ondorioz, eremu publikoan parte hartzeko egin duten apustuagatik; eta, bestetik, zerbitzuen, publiko zein pribatuen, bitartez, hirugarren pertsonek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek eta instituzioek beren gain hartuta. Paradigma-aldaketa horri esker, zaintzak profesionalizatu eta horien zati handi baten balorizazio ekonomikoa egitea lortu da, hori, denbora luzez, ezkutuko ekonomia izenekoaren parte izan baita.

Itunak integrala izan behar du. Era multidimentsionalean ulertu behar da, kudeaketa indibidual eta kolektiboan, biak ere emakumeen eta gizonen erantzunkidetasunetik eta erantzunkidetasun familiar eta komunitariotik, publiko nahiz pribatutik, etab. Nire ustez, gure gizarte aurreratuan oraindik ere mantentzen diren alderdiak gainditu behar dira, tartean, zaintzen feminizazio eta familiarizazio esklusiboa, eta esparru eta eragile desberdinen interkonexio erantzunkiderantz eboluzionatu, pertsonen bizitzan sortzen diren beharren arabera.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Horniduran lau zutabe nagusi daude: Estatua, familiak, merkatuak eta erakunde komunitarioak, eta elkarren artean artikulatzen –eta, batzuetan, konpentsatzen- dira. Shahra Razavik (2007) “zaintzako diamantea” deitu zuena osatzen dute horiek, zaintzaren antolamenduko lau “zutabe” horien arteko interakzioa sinbolizatzen duen figura.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Egun, “zaintza” puri-purian dagoen gaia da. Ez du inor axolagabe uzten, gure bizitza publiko zein pribatuko alderdi bakoitza zeharkatzen baitu. Espazio publikoan egiten dugun jardueraren zati handi bat zaintza pertsonal zein kolektiboaren aldez aurreko kudeaketaren mende dago: norberaren zaintzatik, pertsonaletik, norbanakoarenetik hasi eta “beste batzuen” zaintzara bitarte, hots, gurasoak, seme-alabak, familia, oro har, eta zaintza komunitarioa, lanekoa, soziala, eta abar.

Gaur egun, zaintzaren zentraltasunak aldaketa- eta eraldaketa-garaia iragartzen du gure gizartean. Aldaketa horretan eragin handiena duen faktoreetako bat pertsonei zaintzaren erantzunkidetasuna eskatzen diena da, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionean. Halaber, garrantzitsua da faktore ekonomikoa, familia-eremuan ordaindu gabeko lan gisa ulertu eta kudeatu izan diren zaintzen zati bat kanpora ateratzeari loturikoa.

Concepción Patxot: “Zaintzak pertsona guztiei eragiten die eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du”

Horrela baieztatu du Concepció Patxotek, Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Departamentuko irakasle titularrak, Bartzelonako Analisi Ekonomikoaren taldeko kideak eta Economia i Polítiques Públiques-eko Xarxa de Referènciako zuzendariak. Concepcion ongizate-estatuak bizi-zikloan eta politika publikoen, merkatuen eta familiaren arteko interakzioak ongizate-horniduran duen eragina ikertzen ari da. Donostian bere ezagutza eta esperientzia partekatuko ditu eztabaida-mahai honetan: “Zaintza eskuragarriak eta ekonomikoki iraunkorrak direnak ziurtatzea”.

Concepción, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Deialdia egin zidatenean, transferentzien kontu nazionalen emaitzez eta zaintzen egitekoaz hitz egiteko eskatu zidaten (mendekotasuna duten adinekoei eta helduei nahiz lehen haurtzaroari dagokienean). Gai hori jorratuko dut, eta zaintza formalak eta informalak kuantifikatzeko eta ikusgarriago egiteko garatzen ari garen lan batez ere hitz egingo dut.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Galdera oso zabala da. Egiten ari naizen ikerketan, zaintza formalaren eta informalaren balioa ebaluatzen dut ongizate-estatu osoan, honako hauek balioesteko asmoarekin:

    • ongizate-estatuak bizi-zikloan zehar duen inpaktua.
    • politika publikoen, merkatuaren eta familiaren interakzioa ongizatearen horniduran.

Nire ustez, balorazio hori funtsezkoa da ongizate-estatua diseinatzeko, politika publikoaren eta ongizatea ematen duten baliabideak esleitzeko beste mekanismo batzuen artean (merkatua eta gizarte zibila, familia barne) oreka handiagoa izan dadin. Ez da kontu erraza, baizik eta eztabaidagarria, baina balorazio hori lehen urratsa da.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Ongizate-estatuaren politikak diseinatzen eta gauzatzen dituzten eragileak, enpresariak, sindikatuak, gizarte zibileko plataforma garrantzitsuak eta abar.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Zaintzak oinarrizkoak dira edozein gizakirentzat. Gure bizitzaren heren bat, gutxienez, mendekotasun-egoeran igarotzen dugu (haurrak garela, ziur, eta adinekoak garenean probabilitate handiarekin). Herritar guztien ongizateari eragiten dion zerbait da, bereziki, ahulenei, eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du.

Marta Segura: “Zaintzaren aldeko itun batek sistemaren iraunkortasuna bermatzeaz gain, lurralde-mailako ekitate-ezak saihesten ditu”


Marta Segurak berretsi du hori, ziur baitago zaintzen arloan aurrera egin behar dugula, jardunbide egokiak partekatzeko eta horietatik ikasteko espazioak bilatuz.
Kataluniako Generalitateko Eskubide Sozialen Departamentuko Autonomia Pertsonal eta Desgaitasuneko zuzendari nagusia da Marta, eta Euskadiko, Europako eta mundu-mailako zaintza-politiketan oinarrituko den eztabaida-mahaian parte hartuko du.

Marta, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzei buruzko Kongresu honetan egingo dudan ekarpena “Euskadiko, Europako eta mundu-mailako zaintza-politikak. Agenda global baten alde” gaian kokatzen da. Hortik abiatuta, desinstituzionalizazioa, lurralde-ekitatearen bilaketa edo zaintzaileen aukera-kostuen murrizketa bezalako gaiei buruzko gogoeta egin nahi nuke, beste gai batzuen artean.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, beharrezkoa da zaintzen aldeko itun bat izatea sistemaren iraunkortasuna bermatu ahal izateko nahiz lurralde-mailako ekitate-ezak saihesteko.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Administrazioak (zentrala, autonomikoa, tokikoa), zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, sindikatuak, elkargo profesionalak, erabiltzaileen elkarteak eta senitartekoak.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Lehenik eta behin, zaintzen arloan aurrera egin behar delako eta, horretarako, jardunbide egokiak partekatu eta horietatik ikasi behar dugulako. Horixe egingo dugu Kongresuan.

Joan Costa: “Zaintza-sistema eraginkorrik ez dagoen bitartean, gainerako gizarte-zerbitzuak ere ez dira eraginkorrak izango.”


Argi eta garbi azaldu du Joan Costak, eta uste du zaintzen aldeko ituna dela zaintzaileen nahiz zaintzak jasotzen dituztenen ongizatea babesteko bidea. Jatorri katalaneko ekonomialari britainiar hau Osasunaren Ekonomiako irakaslea da Londresko Ekonomia eta Zientzia Politikoen Eskolan, eta bertatik zuzentzen du Osasun eta Zahartze Pizgarrien Laborategia. Lanean, Joanek osasunaren jatorria eta ondorio ekonomikoak eta desabantaila ekonomikoak aztertzen ditu, bereziki zahartzaroan. Zaintzei buruzko Kongresuan parte hartuko du, telematikoki, “Zaintza eskuragarriak eta ekonomikoki iraunkorrak ziurtatzeari” buruzko eztabaida-mahaian.

Joan, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen iraunkortasunaren esparruan, zaintzak finantzatzeari buruzko ideiak partekatu nahi nituzke, ekonomikoki iraunkorrak izan daitezen.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire iritziz, zaintza-sistema eraginkorrik ez dagoen bitartean, gainerako gizarte-zerbitzuak ere ez dira eraginkorrak izango. Gainera, zaintzaileen nahiz zainduak diren pertsonen ongizatea arriskuan jartzen du.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Estatuak, gizarte zibilak, zerbitzuen hornitzaileek, aseguru-etxeek, eta abarrek.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Nik parte hartzen dudan esparrutik, oso espazio interesgarria da zaintzak “nola” eta “zergatik” finantzatzen ditugunaren inguruko ideia baliagarriak emateko.

Amaia Antxustegi: “Garrantzitsua da emakumeek egiten duten ekarpena aitortzea.”

Horrela berresten du Amaia Antxutegik, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak. Zaintzei buruzko Kongresuan izango da “Egoitza-eremuko zaintzak” gaiari buruzko ikaskuntzak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Amaiaren ustez, emakumeek zaintzetan egiten duten ekarpena aitortzeaz gain (ikusezin bihurtutako zeregina baita), ikuspegi komunitariotik eta administrazioekin batera bideratu behar dira zaintzak.

Amaia, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen garrantzia. Erronka hori administrazioarentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere bada. Eta Bizkaiko Foru Aldundiak ildo horretan dituen proiektuak.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Beharrezkoa da zaintzen lana onartzea. Duela gutxi arte, familia-eremuko lan ikusezina zen, eta horren pisua emakumeek izaten zuten. Eta horrela izaten jarraitzen du askotan, etxean eta etxetik kanpo lan egiteak duen zama bikoitzarekin eta, besteak beste, maila emozionalean dituzten ondorioekin.

Garrantzitsua da emakumeek arlo horretan egiten duten ekarpenaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, batez ere, gure ama eta amonen ekarpena. Haien ekarpenari esker, gauden tokian gaude, eta daukagun ongizate-mailaz goza dezakegu. Onarpen hori garrantzitsua da. Hortik aurrera, zaintzak ikuspegi komunitario batetik bideratu behar dira, baina baita administrazioen artean batera eta zeharka ere, kasu horretan ikuspegi sozial eta sanitariotik, batik bat. Aldi berean, Hirugarren Sektoreko erakundeen esperientzia eta ezagutza izan behar ditugu nahitaez.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Administrazio Publikoa, Hirugarren Sektorea eta gizartea, oro har.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Gai nahiko garrantzitsua iruditzen zait bertan parte hartzeko eta beste administrazio batzuekin eta inplikatutako eragileekin esperientziak eta proiektuak partekatzeko.

Txetxu Ausín: “Zaintzen itun baten beharra publikoki planteatzea da bizitza soziala eta politikoa modu errealistan bideratzea.” 


Argi eta garbi. Txetxu Ausin ikertzaile zientifikoa eta CSICeko Filosofia Institutuko zuzendaria da, eta lana etika publikoan, bioetikan, giza eskubideetan eta teknologia disruptiboen filosofian oinarritzen du. Filosofian doktore ere bada, eta zaintza ondasun publikotzat hartu behar dela dio, zaintza zaindu behar dela eta kolektiboki antolatzeko modua bilatu behar dela. Zaintzak instituzioen, erakundeen eta pertsonen bitartez birbanatzea defendatzen du. Ausinek zaintzen iraunkortasunari buruz eta, zehazki, “Ikuspegi pertsonal eta sozialetik, zaintza etikoa eta iraunkorra bermatzeko” moduari buruz hausnartzeko antolatutako eztabaida-mahaian parte hartuko du.

Txetxu, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Filosofiatik zaintza etikaren eta politikaren ardatz nagusi gisa jartzen duen gogoeta partekatu nahi nuke, kontuan izanik giza bizitza pentsaezina dela zaintza-harremanik gabe. Zaintzarik gabe ez legoke antolaketa sozialik, ekonomikorik, kulturalik edota politikorik. Elkarren mendeko pertsonak gara, eta, ondorioz, guk beste batzuk zaintzen ditugu eta gu zaindu egiten gaituzte. 

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Ondo baino hobeto dakigu zaintzen krisi baten aurrean gaudela. Bizitza luzatzea eta bizi-itxaropena handitzea lorpen sozial izugarria da, baina horrekin batera, ugalkortasun-tasak behera egin du, familia-eredu berriak sortu dira, emakumea lan-merkatuan sartu da, eta gizonen erantzunkidetasunik eza gertatu da (FMIren arabera, BPGd globala %4 haziko litzateke ordaindu gabeko lana hobeto banatuta egongo balitz). 

Horri gehitu behar zaizkio ongizate-estatuaren eta laguntza publikoen murrizketak. Horren guztiaren ondorioz, gero eta desoreka handiagoa sortu da zaintzen premiaren (2050erako, Espainian 80 uretik gorako biztanleria hirukoiztea aurreikusten da) eta horien horniduraren artean. Pertsona gutxik ase ahal izango dituzte beren zaintza-beharrak desberdintasuna eragiten duen merkatuaren bidez (azpienplegua, isolamendua eta bakardadea, gaixotasuna…). Hori dela-eta, zaintza ondasun publikotzat hartu behar da, zaintza zaindu behar da, eta kolektiboki antolatzeko modua bilatu behar da. 

Zaintzen aldeko itunak eragina izan beharko luke gizarte-ugalketarako zaintzen zentraltasunean, eta, beraz, zaintzak instituzioen, erakundeen eta pertsonen bidez birbanatzeko premian. Eva Feder Kittayren arabera, “bakoitzari, haren zaintza-beharren arabera, bakoitzak zaintzeko duen bere gaitasunaren arabera, eta gizarte-erakundeen laguntza arreta eta zaintza ematen dutenen eskura jartzeko, baliabideak eta aukerak”. 

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Erakundeak, enpresak, hirugarren sektorea eta herritarrak. Ituna erakundeek bultzatu behar badute enpresarekin eta gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan, bereziki gizarte-zerbitzuekin lotuta daudenak, azken batean itun “sozial” bat da, eta konpromiso komunitarioak eskatzen ditu zaintzen krisiak lantzeko eta beste gizarte-lotura berri bat ere bai. 

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko 

Gizartean bizitzea, azken batean, elkar zaintzea da. Zaintzak hausnarketaren eta politika publikoen erdigunean jartzea ezinbestekoa da erreprodukzio sozialerako. Zaintzen inguruko itun bat publikoki planteatzea bizitza sozial eta politikoa modu errealistan bideratzea da. Joan Trontok dioen moduan: “Demokrazia nahi dugu, eta horrek esan nahi du guztion artean partekatu behar ditugula, modu berdin eta justuan, zaintzek dituzten penak eta pozak”. 

Brígida Argote: “Zaintzen eredu tradizionala krisian dago.”

Alerta hori Brigida Argotek egin du, Arabako Gizarte Ongizateko Foru Institutuko Adinekoen Arloko zuzendariordeak. Brigidak badaki zer esaten duen, eta pasioz esaten du, gainera, haren ibilbide profesionala pertsonen ongizatearen eta zaintzen ingurukoa baita. Egungo eredua zalantzan dagoela sinetsita, zaintza-eredu berritzaile, kalitatezko eta iraunkor baterantz aurrera egitea proposatzen du. Zaintzen iraunkortasunari buruzko blokean parte hartuko du, eta, zehazki, “Zaintza etikoa eta iraunkorra bermatzea ikuspegi pertsonal eta sozialetik” gaian oinarrituko da.

Brígida, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Izaki sozialak eta elkarren mendekoak gara. Pertsonak elkar behar dugu espeziearen biziraupenerako; alegia, zaintza ezinbestekoa da bizitza mantentzeko eta ugaltzeko, eta gizaki egiten gaitu. Gizaki guztioak zaintzak behar ditugu gure bizitzako une ezberdinetan. Zaintzak etxean egiten ziren, emakumeak seme-alabak, senarra, gurasoak eta abar zaintzen baitzituen, baina zaintzeko betebeharra arlo pribatutik haratago zabaldu da, eta dimentsio publikoa hartu du.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Zaintza-eredu tradizionala krisian dago, eta ongizate-ereduak egitura aldetik aldatzea eskatzen du. Balio pribatua izatetik balio publikoa izatera igaro da, eta giza harremanak gertatzen diren eremu guztietan landu behar da: familian, lanbideetan, administrazioan, politikan, saltokietan… eta, zaintzen beharra oinarrizkoa denez, zainduak izateko eskubide unibertsala onartu beharko da, baina baita zaintzeko betebehar unibertsala ere.

Hori dela-eta, beharrezkoa da itun bat lortzea eskubideen ikuspegitik, genero-ikuspegiarekin, pertsonengan oinarritutako bizitza-eredu independentea, ikuspegi komunitarioarekin, zaintzak behar dituzten pertsonek etxean jaso ditzaten, beharrezko laguntza eta guzti.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Zaintzen zeharkako politika batetik, sektore guztiek hartu behar dute parte: osasuna, gizarte-zerbitzuak, etxebizitza, enplegua, hirugarren sektorea, hirigintza, justizia, familia eta komunitatea.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Izan ere, egungo eredua zalantzan dago, gizartea aldatzen ari delako, eta beharrezkoa da zaintza-eredu berritzaile, kalitatezko eta iraunkor bati buruzko proposamenak lantzea eta ezagutzea.
Horri buruzkoa da Kongresuaren edukia, eta horri buruzko adostasun baterantz jo behar da.

Trantsizioko gizarte-politikak: eskalatzea berritzea denean

Javier Castro-Spila gizarte-politika eta berrikuntzako ikertzaile aditua da, eta lan hori GIZALABetik, Gizarte Politiketako Berrikuntza Zentrotik, egiten du. Javierrek Zaintzei buruzko Kongresua dela-eta, artikulu hau idatzi du, eta, bertan, gizarte-berrikuntzaren eskalatzearekin loturiko gako batzuk aztertzen ditu, hots, modu eraginkor eta iraunkorragoan berritzeko modu bat, kontzeptua, praktikan burutzeko, adibide batekin ilustratzearekin batera.

Trantsizioko gizarte-politikak estrategia, programa eta ekintza gisa definitzen dira, eta horien helburua da arreta- eta zaintza-ereduan goranzko aldaketa eta aldaketa progresiboa lortzea. Politika horiek funtsezko bost dimentsio jorratzen dituzte:

    1. Etorkizunekoak: etorkizuna epe luzera diseinatzera bideratzen dira, behatokiak bezalako tresnak erabiliz, joerak aztertzeko eta eszenatokiak sortzeko.
    2. Gobernantza: erabakiak hartzerakoan lankidetza eta parte-hartzea sustatzen dute, erabiltzaileak, familiak eta profesionalak tartean inplikatuz, elkarrizketa zibileko mahaien, think tank-en eta parte hartzeko espazioen bidez.
    3. Esperimentazioa: ideia berriak egoera erreal eta kontrolatuetan probatzea bultzatzen dute, zaintzen ereduaren aldaketan duten eragina ulertzeko; horretarako, inkubagailuak eta laborategiak bezalako tresnak erabiltzen dituzte.
    4. Ebaluazioa: etengabeko monitorizazioan eta ebaluazioan oinarritzen dira, kostua eta onuraren analisia, bizi-kalitatean duen inpaktua eta arreta-eredu ekitatiboago eta komunitarioagoetarako egindako aurrerapena kontuan hartuz. Hori trantsizio-monitoreak eta zaintzak ebaluatzeko batzordeak eta agentziak bezalako tresnen bitartez lortzen da.
    5. Eskalatzea: berrikuntza arrakastatsuak hedatzea eta erakunde eta instituzioen artean transferitzea sustatzen dute. Helburua da berrikuntza eraginkorrak estandarizatzea eta zabaltzea, eskalatzeko azeleragailuak eta hub-ak erabiliz.

Bost dimentsioak etengabeko berrikuntza-ingurunean garatzen dira. Berrikuntza da arreta- eta zaintza-ereduan aldaketa progresiboak eragingo dituzten irtenbide berriak sortzea eta aplikatzea. Irtenbide horiek kolaboratiboak, parte-hartzaileak, arduratsuak eta iraunkorrak dira. Trantsizioen agenda batek gidatuta, zaintzen ereduaren berrikuntzak etorkizun hobea bilatzen du, eta, era horretan, zaintza ekitatiboak, pertsonalizatuak, integratuak, prebentiboak, komunitarioak, iraunkorrak eta etxean zentratuak sustatzen ditu.

Berrikuntzen eskalatze-kontzeptuak ideia berrien inpaktua zabaltzeko hainbat modu biltzen ditu; esate baterako,

  • Estaldura. Berrikuntza baten onuradun diren pertsonen kopurua gehitzea esan nahi du, erakunde edo instituzio batek garatutako produktua, zerbitzua edo metodoa izan.
  • Transferentzia. Erakunde edo kokapen geografiko ezberdinetara berrikuntzak eramatea da. Hori gertatzen da erakunde batek beste batek sortutako berrikuntza hartzean edo egokitzean.
  • Politikak. Eskalatzeak erakunde publikoetan berrikuntza eraginkorrak integratzea esan nahi du. Hori dela-eta, aldaketak egin behar dira egitura instituzionaletan, araudietan eta politiketan, zaintza-ereduan mailaz mailako eraldaketak bultzatzeko.

Zaintzen testuinguruan, eskalatzea estrategia boteretsua da, berrikuntzek epe luzerako arretan eta zaintzan eragin esanguratsua izatea bermatzearren.

Zaintza HerriLab: Zaintzen Eredu berria bultzatzen

2022an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren  arteko akordio estrategikoari esker, Zaintza HerriLab Eskalatze Hub-a sortu zen. Hub horren zeregina da osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak koordinatzea, etxean adineko ahulei eta mendekoei (65 urtetik gorakoak) zuzendutako arreta-eredu berritzailea sustatzeko. Lau jarduera nagusi ditu:

    1. Monitorizazioa. Zaintzako eta tokiko 12 ekosistematan proiektuen jarraipena egiteaz arduratzen da, eta, horrela, eraginkortasuna, gobernantza, berrikuntza eta inpaktua ebaluatzen ditu. Gainera, Monitorizazio-gida bat sortzen da.
    2. Sistematizazioa. Zaintzako berrikuntzak dokumentatzen eta estandarizatzen ditu, alderdi sozialak, teknologikoak, instituzionalak eta kulturalak barne. Halaber, Tresnen Bankua sortzen da Zaintzen Berrikuntzarako.
    3. Ebaluazioa. Ebaluazio pilotuak egiten ditu gobernantzaren, berrikuntzaren eta erabiltzaileen bizi-kalitatearen inpaktua neurtzeko. Esperientzia pilotu bat abian da Pasaia HerriLab-en. Ebaluazio-gida bat ere sortzen da.
    4. Eskalatzea. Ikaskuntza eta Transferentzia Sare bat bultzatzen du, eta topaketak, jardunaldi teknikoak eta etorkizuneko transferentzia-mintegiak antolatzen ditu horrek. Lurralde-mailako Ikaskuntza eta Transferentzia Sarea ezarri nahi da.

Zaintza HerriLab Eskalatze Hub-aren jarduera horiek funtsezkoak dira etxeetan adinekoen arretaren eta zaintzaren arloan praktika berritzaileak sustatzeko eta zabaltzeko.

Laburbilduz, berrikuntzen eskalatzea estrategia eraginkorra da trantsizio-politiketan. Ahaleginak eta baliabideak bikoiztea saihesten du frogatutako berrikuntzak transferitzean eta errepikatzean, hainbat lekutan antzeko ekimenak finantzatu ordez. Eskalatzea, berrikuntza frogatuak eta sistematizatuak zabaltzean, tresna boteretsua da zaintza-eredua etorkizun oparoago batera eramateko. Eskalatzea, funtsean, modu eraginkor eta iraunkorragoan berritzeko modu bat da.

Zainketei buruzko I. Kongresua iritsi da, lidergo publikoaren eta arreta komunitarioaren ereduan oinarritutako Euskal Itunarantz aurrera egiteko

Eusko Jaurlaritzak Zainketei buruzko Kongresuaren lehen edizioa egingo du azaroaren 15ean eta 16an, zainketen gizarte-antolaketarako eredu publiko batean oinarritutako euskal itun baterantz aurrera egiteko, pertsonalizatua eta komunitarioa, egungo eta etorkizuneko gizartearen erronkei aurre egiteko. Kongresua Donostiako Tabakalera gunean garatuko da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera emango dio, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera.

 

Euskadik bi hamarkada daramatza urrats sendoz zainketen gizarte-antolaketarako eredurantz, non erantzukizuna eta lidergoa sektore publikoari baitagokio. Denbora horretan, osasun-, hezkuntza- edo gizarte-zainketak indartu dira, eta prestazio- eta zerbitzu-zorroak zehaztu eta zabaldu dira. Horien guztien ezaugarria izan da berdintasunean, lidergo publikoan, lankidetzan, kalitatean eta jasangarritasunean oinarritutako komunitate-zainketen ereduranzko trantsizioa.

Ibilbide horretan lortutako esperientziari eta aurrerapenei dagokienez, iritsi da euskal itun baterantz aurrera egiteko unea. Itun horrek arreta komunitarioa sistema tradizionalen alternatiba gisa definitzen du, eta sistema horiek zainketa-lanaren erantzukizuna familiei egozten diete, batez ere emakumeei, baina hori bidegabea da, pertsonen arteko desberdintasunean sakontzen baitu.

Zainketei buruzko I. Biltzarrak gogoetarako espazioak eskainiko ditu, hitzaldien eta eztabaida-mahaien formatuan, zainketen arloan gaur egungo eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko, politika publikoak ebaluatzeko, zaintza hobetzeko eta erronka demografikoari erantzuteko estrategiak diseinatzeko, eta zainketen euskal ereduaren inguruan adostasun zabala lortzeko.

Lehen jardunaldia. Azaroaren 15a, asteazkena
Flaviana Teodosiuk, Europako Batzordeko iraupen luzeko zainketa-taldearen arduradunak, Kongresua irekiko du asteazkenean, azaroaren 15ean, Zainketen Europako estrategia izeneko inaugurazio-txostenarekin. Bestalde, José Luis Fernández (London School of Economics eskolako irakasle elkartua eta Care Policy and Evaluation Centre zentroko zuzendaria) izango da Europan iraupen luzeko zainketen erronkei buruzko ponentziaren hizlaria. Bi ponentzia horiek bi saio-multzo aldi berean proposatzen dituen lehen jardunaldiari ematen diote garrantzia.

Lehenengo multzoak hiru saio ditu zainketa-politikei, trantsizio demografikoari eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpenari ekiteko. Bigarren multzoan, ikaskuntzak eta praktika onak partekatuko dira, bi ikuspegitatik: komunitateko zaintza eta egoitzako zaintza. Parte-hartzaileek multzo bakoitzean modu paraleloan garatuko diren proposamenetako bat aukeratu beharko dute.

Lehenengo eta bigarren blokeen artean eztabaida-mahai bat irekiko da, zainketa-eredu pertsonalizatuago eta komunitario baterantz nola egin hausnartzeko.

Bigarren jardunaldia. Azaroaren 16a, osteguna
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak emango dio hasiera Biltzarraren bigarren jardunaldiari, Zainketa eskubideekin, askatasunean eta berdintasunean zaindu. Zainketei buruz Euskadin akordioa lortzeko oinarriak ponentziarekin.

Zaintzaileen, familiakoen, profesionalen eta zaindutako pertsonen ahotsa entzungo dugu, zainketen gaia ikuspuntu desberdinetatik jorratuko baitute. Ondoren, bi saio-bloke berri irekitzen dira aldi berean. Aurreko lanaldian bezala, bertaratuek multzo bakoitzean modu paraleloan garatuko diren saioetako bat aukeratu beharko dute.

Lehenengo multzoak bi saio ditu, desberdintasunetan sakontzen duen eredu tradizional baten gakoak jorratzeko: nola desfamiliartu eta desfeminizatu zainketa-lana? Nola bermatu kalitatea eta nola sustatu ebaluazioa eta berrikuntza? Bigarren multzoak bi saio proposatzen ditu zainketen iraunkortasunari buruz galdetzeko: nola bermatu zainketa etiko eta jasangarria ikuspuntu pertsonal eta sozialetik? Nola bermatu zainketa eskuragarriak eta ekonomikoki jasangarriak? Ondorioen mahai baten ondoren, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuordeak emango dio amaiera zainketei buruzko I. Biltzarrari.

Kongresura joateko plazak mugatuak dira eta izena ematea doakoa da. Interesdunek www.congresocuidados.eus.web orriaren bidez eman behar dute izena.

Informazio guztia web horren bidez eta #ZainketaKongresua etiketa duten sare sozialetan zabalduko da.

NBE Emakumeak Eusko Jaurlaritza zainketen aldeko aliantza globalean sartzea onartu egin du

Eusko Jaurlaritza “Zainketen aldeko aliantza globala: ekintzarako premiazko deia” ekimeneko kide berri gisa onartu du NBE Emakumeak erakundeak. Nazioarteko lankidetza-ekimen honek gobernuak, gizarte zibileko erakundeak, enpresak eta beste eragile batzuk biltzen ditu, eta zainketen lana aitortu, baloratu eta babestu nahi du, gizonek eta emakumeek beste pertsona batzuk zaintzeko erantzukizuna partekatzen dutela ziurtatuz.

NBE Emakumeak nazioarteko komunitatean bultzatutako euskal integrazioa, Zaintzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat dator igande honetan, urriak 29.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. “Onartzen dut” botoia sakatuz gero, aipatutako cookie-ak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu “Irakurri gehiago” lotura, informazio gehiago lortzeko.