Miren Elgarresta: “Zaintzen aldeko itunak integrala izan behar du, eta modu multidimentsionalean ulertu behar da”

Miren, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen balio integralak pertsonen, emakumeen eta gizonen, bizi-ziklo osoan duen garrantzia partekatu nahi nuke, erantzunkidetasun soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra eta eremu horietako bakoitzeko genero-ikuspegia kontuan hartuta.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, egungo gizarteak ez die behar adinako baliorik ematen zaintzei. Izan ere, orain dela gutxi arte, etxeko eta ordaindu gabeko eremura mugatu den lana izan da, emakumeek bakarrik beren gain hartu dutena, kulturalki familia-hornitzaile nagusia gizona izandako garai batean; ondorioz, emakumeek egiten zuten lan hori ez zen jarduera profesionaltzat hartzen. Zaintzak ulertzeko modu hori gaur egun ere mantentzen da, oztopo gisa, nahiz eta gure gizarteak aldaketa esanguratsuak bizi izan dituen eta ez duen zertan iraganeko garaien antzik izan behar.

Gaur egun, zaintzen zati handi bat ikusaraztea lortu da: batetik, emakumeek lan-merkatuan sartzeko eta, ondorioz, eremu publikoan parte hartzeko egin duten apustuagatik; eta, bestetik, zerbitzuen, publiko zein pribatuen, bitartez, hirugarren pertsonek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek eta instituzioek beren gain hartuta. Paradigma-aldaketa horri esker, zaintzak profesionalizatu eta horien zati handi baten balorizazio ekonomikoa egitea lortu da, hori, denbora luzez, ezkutuko ekonomia izenekoaren parte izan baita.

Itunak integrala izan behar du. Era multidimentsionalean ulertu behar da, kudeaketa indibidual eta kolektiboan, biak ere emakumeen eta gizonen erantzunkidetasunetik eta erantzunkidetasun familiar eta komunitariotik, publiko nahiz pribatutik, etab. Nire ustez, gure gizarte aurreratuan oraindik ere mantentzen diren alderdiak gainditu behar dira, tartean, zaintzen feminizazio eta familiarizazio esklusiboa, eta esparru eta eragile desberdinen interkonexio erantzunkiderantz eboluzionatu, pertsonen bizitzan sortzen diren beharren arabera.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Horniduran lau zutabe nagusi daude: Estatua, familiak, merkatuak eta erakunde komunitarioak, eta elkarren artean artikulatzen –eta, batzuetan, konpentsatzen- dira. Shahra Razavik (2007) “zaintzako diamantea” deitu zuena osatzen dute horiek, zaintzaren antolamenduko lau “zutabe” horien arteko interakzioa sinbolizatzen duen figura.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Egun, “zaintza” puri-purian dagoen gaia da. Ez du inor axolagabe uzten, gure bizitza publiko zein pribatuko alderdi bakoitza zeharkatzen baitu. Espazio publikoan egiten dugun jardueraren zati handi bat zaintza pertsonal zein kolektiboaren aldez aurreko kudeaketaren mende dago: norberaren zaintzatik, pertsonaletik, norbanakoarenetik hasi eta “beste batzuen” zaintzara bitarte, hots, gurasoak, seme-alabak, familia, oro har, eta zaintza komunitarioa, lanekoa, soziala, eta abar.

Gaur egun, zaintzaren zentraltasunak aldaketa- eta eraldaketa-garaia iragartzen du gure gizartean. Aldaketa horretan eragin handiena duen faktoreetako bat pertsonei zaintzaren erantzunkidetasuna eskatzen diena da, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionean. Halaber, garrantzitsua da faktore ekonomikoa, familia-eremuan ordaindu gabeko lan gisa ulertu eta kudeatu izan diren zaintzen zati bat kanpora ateratzeari loturikoa.

Concepción Patxot: “Zaintzak pertsona guztiei eragiten die eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du”

Concepción, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Deialdia egin zidatenean, transferentzien kontu nazionalen emaitzez eta zaintzen egitekoaz hitz egiteko eskatu zidaten (mendekotasuna duten adinekoei eta helduei nahiz lehen haurtzaroari dagokienean). Gai hori jorratuko dut, eta zaintza formalak eta informalak kuantifikatzeko eta ikusgarriago egiteko garatzen ari garen lan batez ere hitz egingo dut.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Galdera oso zabala da. Egiten ari naizen ikerketan, zaintza formalaren eta informalaren balioa ebaluatzen dut ongizate-estatu osoan, honako hauek balioesteko asmoarekin:

    • ongizate-estatuak bizi-zikloan zehar duen inpaktua.
    • politika publikoen, merkatuaren eta familiaren interakzioa ongizatearen horniduran.

Nire ustez, balorazio hori funtsezkoa da ongizate-estatua diseinatzeko, politika publikoaren eta ongizatea ematen duten baliabideak esleitzeko beste mekanismo batzuen artean (merkatua eta gizarte zibila, familia barne) oreka handiagoa izan dadin. Ez da kontu erraza, baizik eta eztabaidagarria, baina balorazio hori lehen urratsa da.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Ongizate-estatuaren politikak diseinatzen eta gauzatzen dituzten eragileak, enpresariak, sindikatuak, gizarte zibileko plataforma garrantzitsuak eta abar.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Zaintzak oinarrizkoak dira edozein gizakirentzat. Gure bizitzaren heren bat, gutxienez, mendekotasun-egoeran igarotzen dugu (haurrak garela, ziur, eta adinekoak garenean probabilitate handiarekin). Herritar guztien ongizateari eragiten dion zerbait da, bereziki, ahulenei, eta genero-arrakalaren zati handi bat azaltzen du.

Marta Segura: “Zaintzaren aldeko itun batek sistemaren iraunkortasuna bermatzeaz gain, lurralde-mailako ekitate-ezak saihesten ditu”

Marta, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzei buruzko Kongresu honetan egingo dudan ekarpena “Euskadiko, Europako eta mundu-mailako zaintza-politikak. Agenda global baten alde” gaian kokatzen da. Hortik abiatuta, desinstituzionalizazioa, lurralde-ekitatearen bilaketa edo zaintzaileen aukera-kostuen murrizketa bezalako gaiei buruzko gogoeta egin nahi nuke, beste gai batzuen artean.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire ustez, beharrezkoa da zaintzen aldeko itun bat izatea sistemaren iraunkortasuna bermatu ahal izateko nahiz lurralde-mailako ekitate-ezak saihesteko.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Administrazioak (zentrala, autonomikoa, tokikoa), zerbitzuak ematen dituzten erakundeak, sindikatuak, elkargo profesionalak, erabiltzaileen elkarteak eta senitartekoak.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Lehenik eta behin, zaintzen arloan aurrera egin behar delako eta, horretarako, jardunbide egokiak partekatu eta horietatik ikasi behar dugulako. Horixe egingo dugu Kongresuan.

Joan Costa: “Zaintza-sistema eraginkorrik ez dagoen bitartean, gainerako gizarte-zerbitzuak ere ez dira eraginkorrak izango.”

Joan, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen iraunkortasunaren esparruan, zaintzak finantzatzeari buruzko ideiak partekatu nahi nituzke, ekonomikoki iraunkorrak izan daitezen.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Nire iritziz, zaintza-sistema eraginkorrik ez dagoen bitartean, gainerako gizarte-zerbitzuak ere ez dira eraginkorrak izango. Gainera, zaintzaileen nahiz zainduak diren pertsonen ongizatea arriskuan jartzen du.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Estatuak, gizarte zibilak, zerbitzuen hornitzaileek, aseguru-etxeek, eta abarrek.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Nik parte hartzen dudan esparrutik, oso espazio interesgarria da zaintzak “nola” eta “zergatik” finantzatzen ditugunaren inguruko ideia baliagarriak emateko.

Amaia Antxustegi: “Garrantzitsua da emakumeek egiten duten ekarpena aitortzea.”

Amaia, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Zaintzen garrantzia. Erronka hori administrazioarentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere bada. Eta Bizkaiko Foru Aldundiak ildo horretan dituen proiektuak.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Beharrezkoa da zaintzen lana onartzea. Duela gutxi arte, familia-eremuko lan ikusezina zen, eta horren pisua emakumeek izaten zuten. Eta horrela izaten jarraitzen du askotan, etxean eta etxetik kanpo lan egiteak duen zama bikoitzarekin eta, besteak beste, maila emozionalean dituzten ondorioekin.

Garrantzitsua da emakumeek arlo horretan egiten duten ekarpenaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, batez ere, gure ama eta amonen ekarpena. Haien ekarpenari esker, gauden tokian gaude, eta daukagun ongizate-mailaz goza dezakegu. Onarpen hori garrantzitsua da. Hortik aurrera, zaintzak ikuspegi komunitario batetik bideratu behar dira, baina baita administrazioen artean batera eta zeharka ere, kasu horretan ikuspegi sozial eta sanitariotik, batik bat. Aldi berean, Hirugarren Sektoreko erakundeen esperientzia eta ezagutza izan behar ditugu nahitaez.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Administrazio Publikoa, Hirugarren Sektorea eta gizartea, oro har.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Gai nahiko garrantzitsua iruditzen zait bertan parte hartzeko eta beste administrazio batzuekin eta inplikatutako eragileekin esperientziak eta proiektuak partekatzeko.

Txetxu Ausín: “Zaintzen itun baten beharra publikoki planteatzea da bizitza soziala eta politikoa modu errealistan bideratzea.” 

Txetxu, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Filosofiatik zaintza etikaren eta politikaren ardatz nagusi gisa jartzen duen gogoeta partekatu nahi nuke, kontuan izanik giza bizitza pentsaezina dela zaintza-harremanik gabe. Zaintzarik gabe ez legoke antolaketa sozialik, ekonomikorik, kulturalik edota politikorik. Elkarren mendeko pertsonak gara, eta, ondorioz, guk beste batzuk zaintzen ditugu eta gu zaindu egiten gaituzte. 

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Ondo baino hobeto dakigu zaintzen krisi baten aurrean gaudela. Bizitza luzatzea eta bizi-itxaropena handitzea lorpen sozial izugarria da, baina horrekin batera, ugalkortasun-tasak behera egin du, familia-eredu berriak sortu dira, emakumea lan-merkatuan sartu da, eta gizonen erantzunkidetasunik eza gertatu da (FMIren arabera, BPGd globala %4 haziko litzateke ordaindu gabeko lana hobeto banatuta egongo balitz). 

Horri gehitu behar zaizkio ongizate-estatuaren eta laguntza publikoen murrizketak. Horren guztiaren ondorioz, gero eta desoreka handiagoa sortu da zaintzen premiaren (2050erako, Espainian 80 uretik gorako biztanleria hirukoiztea aurreikusten da) eta horien horniduraren artean. Pertsona gutxik ase ahal izango dituzte beren zaintza-beharrak desberdintasuna eragiten duen merkatuaren bidez (azpienplegua, isolamendua eta bakardadea, gaixotasuna…). Hori dela-eta, zaintza ondasun publikotzat hartu behar da, zaintza zaindu behar da, eta kolektiboki antolatzeko modua bilatu behar da. 

Zaintzen aldeko itunak eragina izan beharko luke gizarte-ugalketarako zaintzen zentraltasunean, eta, beraz, zaintzak instituzioen, erakundeen eta pertsonen bidez birbanatzeko premian. Eva Feder Kittayren arabera, “bakoitzari, haren zaintza-beharren arabera, bakoitzak zaintzeko duen bere gaitasunaren arabera, eta gizarte-erakundeen laguntza arreta eta zaintza ematen dutenen eskura jartzeko, baliabideak eta aukerak”. 

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Erakundeak, enpresak, hirugarren sektorea eta herritarrak. Ituna erakundeek bultzatu behar badute enpresarekin eta gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan, bereziki gizarte-zerbitzuekin lotuta daudenak, azken batean itun “sozial” bat da, eta konpromiso komunitarioak eskatzen ditu zaintzen krisiak lantzeko eta beste gizarte-lotura berri bat ere bai. 

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko 

Gizartean bizitzea, azken batean, elkar zaintzea da. Zaintzak hausnarketaren eta politika publikoen erdigunean jartzea ezinbestekoa da erreprodukzio sozialerako. Zaintzen inguruko itun bat publikoki planteatzea bizitza sozial eta politikoa modu errealistan bideratzea da. Joan Trontok dioen moduan: “Demokrazia nahi dugu, eta horrek esan nahi du guztion artean partekatu behar ditugula, modu berdin eta justuan, zaintzek dituzten penak eta pozak”. 

Brígida Argote: “Zaintzen eredu tradizionala krisian dago.”

Brígida, zer partekatu nahi zenuke Zaintzei buruzko Kongresuan?

Izaki sozialak eta elkarren mendekoak gara. Pertsonak elkar behar dugu espeziearen biziraupenerako; alegia, zaintza ezinbestekoa da bizitza mantentzeko eta ugaltzeko, eta gizaki egiten gaitu. Gizaki guztioak zaintzak behar ditugu gure bizitzako une ezberdinetan. Zaintzak etxean egiten ziren, emakumeak seme-alabak, senarra, gurasoak eta abar zaintzen baitzituen, baina zaintzeko betebeharra arlo pribatutik haratago zabaldu da, eta dimentsio publikoa hartu du.

Kontuan izanik zaintza-lanak gizarteak egituratzen dituela eta, aldi berean, desberdintasuna adierazten eta erreproduzitzen duela, zure ustez, zergatik da beharrezkoa zaintzen aldeko itun bat lortzea? Itun horrek zer-nolako edukiak izan behar lituzke?

Zaintza-eredu tradizionala krisian dago, eta ongizate-ereduak egitura aldetik aldatzea eskatzen du. Balio pribatua izatetik balio publikoa izatera igaro da, eta giza harremanak gertatzen diren eremu guztietan landu behar da: familian, lanbideetan, administrazioan, politikan, saltokietan… eta, zaintzen beharra oinarrizkoa denez, zainduak izateko eskubide unibertsala onartu beharko da, baina baita zaintzeko betebehar unibertsala ere.

Hori dela-eta, beharrezkoa da itun bat lortzea eskubideen ikuspegitik, genero-ikuspegiarekin, pertsonengan oinarritutako bizitza-eredu independentea, ikuspegi komunitarioarekin, zaintzak behar dituzten pertsonek etxean jaso ditzaten, beharrezko laguntza eta guzti.

Zein eragilek parte hartu behar dute itun horretan?

Zaintzen zeharkako politika batetik, sektore guztiek hartu behar dute parte: osasuna, gizarte-zerbitzuak, etxebizitza, enplegua, hirugarren sektorea, hirigintza, justizia, familia eta komunitatea.

Eman arrazoi pare bat Donostian Zaintzei buruzko Kongresuan egoteko

Izan ere, egungo eredua zalantzan dago, gizartea aldatzen ari delako, eta beharrezkoa da zaintza-eredu berritzaile, kalitatezko eta iraunkor bati buruzko proposamenak lantzea eta ezagutzea.
Horri buruzkoa da Kongresuaren edukia, eta horri buruzko adostasun baterantz jo behar da.